XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sinbolizatua, berriz, olerkariaren gogoa bera da:

BILLOXIK adar jasoak,
iretargitan, pagoak,
milla begiez, zerura, neure
ainbeste naien lakoak
[119,3-4]

Lehen sinbolizatzailea adierazten duen sintagma pago adar jasoak olerkiaren eraikierarako maneiamendu gai nagusi bihurtu du autoreak.

Lehen ahapaldian adar jasoak dena, bigarren ahapaldian pagoak berak dira jasoak eta hirugarrenean, berriz, poetaren besoak dira jasoak;

jadanik bigarren ahapaldiaren azken lerroak ematen dio, ordea, abiabidea.

Bi sinbolizazioak jasoak adjetiboaren bidez lotuak datoz, sinbolizazio bat berari abiabidea ematen diotela.

Sinbolizatua, ordea, erdi isilean iradokia datorkigu.

Jadanik lehen bertsoan poetak sinbolizatzailea deskribatu digu bere barne nahien adierazle fisiko gisa: neure / ainbeste naien lakoak [119,3-4]; korrespondentzia analogikoa garbiro azpimarratua dago hor.

Bigarren ahapaldian pagoen ikuskera horrek eragiten dio poetari bere besoak jaso eta goratua izan dadin eskatzea:

Gora nagien, izarrei eske,
luzatu ditut besoak

.
[119,7-8]

Gandiaga kontenplatzaile agertzeaz gainera, bere keinu eta mugimenduz ekintzaile ageri zaigu.

Poemari bukaera emateko, berriz pagoen irudira dator olerkiaren amaieran.

Baina, aldi berean, hirugarren ahapaldiko azken lerro honen bidez, olerkaria eta pagoaren jarrerak pare-pareko ikusten ditu, pagoaren pertsonifikazioz baliatuz, jakina:

...Izarrei eske, pagoak. [119,12]

Eske hori benetan poetak berak egiten du, olerkariaren otoitz kosmikoa da, eta korrespondentzia analogikoaren bidez azkenerako batari buruz esaten dena besteari buruz ere esaten da;

polisemiaz jantzirik eskaintzen digu, bada, Gandiagak poema labur baino aberats hau.

Izan ere, azken aurreko bertso lerroan narratzaile poetikoak bere eskuak luzatu eta pago adarren jarrera berean ditu: Neure eskuekin ikutu dotaz [119,11].

Jarrera honek analogiaren indarra sendotu egin du, bai eta bide batez sinbolizazioaren gauzatze biribila.